…eta kitto! euskara elkartea

1992. urtean ekin zion …eta kitto! euskara elkarteak bere ibilbideari; aurretik izen bereko hilabetekaria kaleratzen zuen Eibarko Udalak. Hilabetekaria hamabostekari bihurtu eta kultura eta euskararekin lan egiten hasi zen elkartea.

Eibarko Udalak hasi zuen ibilbidea 1988. urtean; Mikel Larrañagak kaleratutako euskaraz eta kitto! bandoko azkeneko berba biak hartu eta hilabetekaria sortu zen izen horrekin. 1992an sortuko da izen bereko euskara elkartea. Eibartar euskaltzale talde batek bultzatuta, berehala ekin zion hainbat ekitaldi antolatzeari.

Elkartearen misioa eta bisioa
…eta kitto! euskara elkartearen misioa euskararen alde jardutea da, erabileraz kontzientziatuz, ahalik eta jende gehien inplikatuz eta programak eskainiz, ditugun baliabideak erabiliz.

Gure bisioa Eibarren euskararen normalizazioa lortzea da, …eta kitto! elkartea euskalgintzan erreferentzia eta herritarron bilgune plural eta dinamikoa izanik, eta bere prestijioa handituz.