Karrikiri Iruñeko Euskaldunon Elkartea

Euskaldunak euskara erabiltzeko zituzten zailtasunak ikusirik, 1995. urtean euskaltzale talde bat biltzen hasi zen, alde batetik, Iruñean euskara erabiltzeko zeuden bideak errazteko eta beste aldetik, oraindik landu gabe zeuden ildo edo bide berriak irekitzeko. Behin, abiapuntu teorikoa zehaztua zegoelarik, eta beste hiri eta herrietako elkarteak eredutzat hartuz, euskaltzale talde hark Karrikiri elkartea sortu zuen, bere egoitza 1997. urtean irekiz.

Karrikiri Euskaldunon Elkartearen helburu nagusia Iruñean euskal kulturaren eta euskararen erabilera bizitzaren eguneroko alderdi guztietan bultzatzea, indartzea eta sustatzea da, hots, Iruñeko komunitate euskaldun trinkotua, egituratua eta orekatua, euskaldun guztiendako ateak zabalik dituena, erdiesteko bidean.