Mintza Egunak euskarari aire-aire! 

Bi urtez ezin ospatuta ibili ostean, Mintza Egunean elkartu ginen Euskal Herri osoko euskaltzaleak eta Mintzalagunak. Euskaltzaleen Topaguneak eta Mintzaian elkarteak antolatutako egitarauak bide ematen zuen ondo pasatzeko eta festara etorri zirenek txispak atera zizkioten egunari. Harro egoteko moduko topagune bihurtu zen Hendaia ekainaren 5ean.

12:00etan ekin genion festari, eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak hartu zuen hitza. Euskaraz hitz egiteko “lotsagabetu” egin behar garela aldarrikatu zuen, “hanka sartu”.

Gaztelu Zahar abesbatzak eman zigun ongi-etorria eta osteko aperitifaren ostean, Hendaia ezagutzeko bisita gidatua egin genuen mintzalagunok Andoni Etxarrirekin, eta herriko bertso eskolako ikasleek saio berezia eskaini zuten.

Bazkalorduan barruak goxatu  eta ostean etorri ziren sari-banaketak, omenalditxoak, eta Munduko Mintzalagunen Topaketa. Hogeita hamar urte betetzear dira Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak  lehen mintzalagun taldeak martxan jarri zituenetik eta, gaur egun 6000 pertsonatik gora elkartzen dira Euskal Herri osoan astero euskarazko mintzapraktika egiteko; beste 1000 aritzen dira sarean. Azken bi urteetan sarea izan da momentu batzuetan elkartzen jarraitzeko aukera eman diguna, eta asko handitu da parte hartzea.

Hala, Mintzanet egitasmoko eta Jalgi Hadi Mundura euskara elkarte birtualeko lagunek protagonismo berezia izan zuten, beraien ekimenez, munduko hainbat txokotatik jaira batu diren euskaldunekin bat egin baitzuten, zuzenean. Euskaraz bizi nahi dugunon ahotsa zabaldu zen Hendaiatik mundura eta mundutik Hendaiarako konexioan!

Arratsaldean Imuntzo eta Beloki taldekoek eman zioten martxa Mintza egunari:  zangoak eta eztarriak astintzeko moduko erromeria eskaini ziguten Gazteluzahar aretoan. A ze nolako giroa  han sortu zena! Euskaraz mintzatzeko gogoak, indarrak eta mingainak indartuta bueltatu ginen autobusetara. Mintzalagunon sarea indartuz goaz, datorren urtean berriz elkartuko gara eta ziur asko gehiago; Mintzalagunon martxa honek sorgindu egiten baitu: probatzen duenak badaki zer den hau!

Mintza Egunak iruditan