Mintza Eguna 2023: Donostian maiatzaren 27an
Aurten 30 urte beteko dira Euskal Herrian lehen Mintzapraktika egitasmoa abiatu zenetik. Donostiako Bagera euskara elkartea izan zen lehen pauso hura eman zuena, gerora hainbesteko mugimendua ekarri duen pausoa. 1993ko abenduan izan zen: sei Bagerakide eta euskaltegietan ikasten ari ziren beste sei lagun elkartu eta juxtu hortxe sortu zen txispa!
Bagera elkarteko kideek 15 minutuko dokumentala sortu dute, egitasmoaren garapenari eta esperientzia propioak jasoz:
Praktikatzeko aukerak biderkatuz
Bidelariek eta Bidelagunek, eskuz-esku, euskaraz aritzeko espazioak eta aukerak biderkatu dituzte 30 urteotan, horren erakusle da gaur egun Mintzapraktikan aritzeko dauden modu anitzak: Gurasolaguna, parkelaguna, mendi taldeak, hikalaguna, mintza ibilaldiak edo paseoak, mintzaboxeo, emakume taldea, pintxopote taldea, abesbatza.
Orduz geroztik Euskal Herrira zabaldu da egitasmoa eta Mintzalagunen sarea. Pentsa, gaur egun 7000 pertsonatik gora ari dira astero elkartzen Mintzapraktika egiteko. Astean ordu betez, solasaldi lasaian, Bidelagunek lotsa gainditu, akatsak egiteari beldurra kendu, hizkuntza ohiturak aldatu eta erabileran trebatuz. Bidelagunei, modu boluntarioan ari diren euskaldunei, astean ordu bete eskainiz, ezagutza prartekatu eta euskararen alde alea jartzeak MintzaPoza sorrarazten die.
Aurten Mintza Eguna Donostian ospatuko dugu, duela 30 urte Mintzapraktika jaio zen hirian, maiatzaren 27an.
Mintzaneten bidez, berriz, internetez konektatzen dira munduko bidelari eta bidelagunak: Ozeaniakoak, Euskal Herrikoak, Estatu Batuetakoak, Frantziakoak, Mexikokoak, Irlandakoak, Argentinakoak, Uruguaykoak, Txilekoak, Espainiakoak eta Erresuma Batukoak.
Mintza Egunak iruditan
Mintza Eguna
Euskal Herriko Mintzalagun, Berbalagun zein Mintzakide guztien jaia da Mintza Eguna, eta egitasmoetan parte hartzen duten kideek elkar ezagutu eta egun pasa ederra egiteko antolatzen da. Maiatzaren bukaeran edo ekainaren hasieran izaten da, ikasturteari amaiera atsegina emateko, eta hiru helburu nagusi ditu:
- Mintzalagunak mugimenduaren kide sentiaraztea, egitasmoa euren herritik harago bizirik dagoela erakutsiz.
- Mintzapraktika mugimenduaren tamaina gizarteari erakustea.
- Jaiaren antolaketaren baitan herriko mintzalagunak eta gainontzeko euskaltzaleak saretzea.

Lehen Mintza Eguna 2006an antolatu zuen Euskaltzaleen Topaguneak, Iruñean. Ordutik urteroko ospatzen da eta luzea da egun berezi honetaz gozatu duten herrien zerrenda: Donostian, Getxon, Gasteizen, Arrasaten, Elizondon, Santurtzin, Elgoibarren, Murgian, Beran, Atarrabian, Derion, Hondarribian, Lapuebla de Labarkan eta Hendaian.
Herri horietan euskara plazaratu eta jai giro ezin hobea sortzen da.

Mintzapraktika egitasmoek ikasturteko iraupena izaten dute normalean. Uda garaian atseden tartea izaten da eta ikasturteari amaiera borobila emateko, maiatza-ekaina aldera MINTZA EGUNA ospatzen da, Euskal Herri osoko Mintzalagun, Berbalagun eta Mintzakideen jaia.
Azken finean, euskaraz bizitzeko giro eta lagun talde atsegina dira Mintzapraktika egitasmoak!